- Bizkaiko Foru Aldundiak eta Elkargik "finantzaketa-programa" bat abian jartzea adostu dute, Bizkaiko enpresek digitalizazio- eta jasangarritasun-proiektuei ekin ahal izateko, 400.000 euroko foru-ekarpenetik abiatuta. Ekimenak, Elkargiren kaudimenari mesede eginez, lurraldeko enpresa-sare osorako maileguak ematen lagunduko du. Elkargik eta Ekonomia Sustatzeko Sailak, aldi berean, enpresei finantza-diagnostikoa eskaintzen dien zerbitzu berria bultzatu nahi izan dute. Hobaridun zerbitzua da eta eskaerak egiteko epea otsailaren 15era arte egongo da zabalik.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Elkargi finantza-erakundeak bi tresna berri aurkeztu dituzte gaur, bi erakundeek, lankidetza publiko-pribatutik abiatuta, lurraldeko enpresei laguntzen jarraitzeko abian jarri dituztenak: trantsizio digitalaren eta enpresa-kudeaketari aplikatutako jasangarritasunaren garapenaren esparruko proiektuetarako finantzaketa-programa bat, bai eta finantza-diagnostikoa behar duten ETEentzako zerbitzu berri bat ere.
Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko diputatuak, eta Zenón Vázquezek, Elkargiko zuzendari nagusiak, bi tresna berri horien xehetasunak eman dituzte; ekimen hauekin lurraldeko enpresa txiki eta ertainei egoera ekonomiko zail honi aurre egiteko eta eragin eta eraldaketa handiko proiektuak bultzatzeko baliabide eraginkorrak ematea itxaroten da, bai eta enpresa horiei behar duten ezagutza ematea ere, garapenean hobetzeko aukerak hautemateko.