Bielorrusiar jatorriko enpresaburuak 25 urtetik gorako esperientzia du moda merkataritzan, eta elkartegintza indartzea, lankidetza sustatzea eta Bizkaiko moda merkataritzari ikusgarritasun handiagoa ematea ditu helburu etapa berri honetan.
Bilbon, 2026ko azaroaren 5ean. Bizkaiko Merkataritzako Enpresarien Konfederazioan (CECOBI) integratuta dagoen Bizkaia Textil y Moda elkarteak Veronika Drazdova presidente berri izendatu du, azaroaren 4an egindako Hauteskunde Batzarrean. Drazdovak Laura Zorrillaren lekukoa hartu du, eta sektorearen ordezkaritza eta saltokien parte-hartzea indartzera bideratutako etapa berri bati ekin dio.
Izendapen horrek, gainera, mugarri bat ezarri du Bizkaiko merkataritza elkartegintzan, CECOBIn integratutako sektore-elkarte bateko presidente kargua hartzen duen lehen pertsona migratzailea bihurtu baita. Horrek agerian uzten du Bizkaiko merkataritza-ehunaren aniztasuna eta enpresa-ordezkaritzako guneetan askotariko ibilbideek duten presentzia gero eta handiagoa.
25 urtetik gorako esperientzia moda merkataritzan
Bielorrusiar jatorrikoa da Veronika Drazdova, eta Literatura Sorkuntzan eta Dramaturgian lizentziatua Minskeko Kultura Unibertsitatean. Bere ibilbide profesionalaren zati handi bat Madrilen eta Bilbon garatu du.
Moda merkataritzan 25 urtetik gorako esperientzia du, eta Bimba y Lola, Max Mara, eseOese, Mango, Cardenal eta G-Star bezalako enpresetan lan egin du. Ibilbide horretan, askotariko ardurak bete ditu, bezeroei zuzeneko arreta ematetik hasi eta merkataritza-establezimenduen kudeaketaraino.
2016an ekintzailetzaren aldeko apustua egin zuen, Bilbon MOIQUT moda-denda independentea irekita. Ordutik, saltokiak merkataritza eta kultura uztartzen dituen espazio gisa ere funtzionatu du, erakusketak, zuzeneko musika eta artistekin zein kulturako profesionalekin egindako lankidetzak hartuz.
Esperientzia horri esker, merkataritzaren ikuspegi zabala garatu du: jarduera ekonomikoa izateaz gain, pertsonen arteko harremanak sortzeko, hiria dinamizatzeko eta bizitza sozial eta kulturala aberasteko gunea ere bada.
Bizkaiko ehungintza eta moda merkataritza indartzeko etapa berria
Presidente berriak saltokien eguneroko beharretatik hurbilago egongo den elkarte parte-hartzaileagoa, irekiagoa eta sektorearekin lotura estuagoa izango duena sustatu nahi du.
Bere lan-ildo nagusien artean honako hauek nabarmentzen dira:
- Elkartegintza indartzea, saltoki berriak erakarriz eta merkatarien parte-hartze aktiboa sustatuz.
- Merkataritza independentearen ikusgarritasuna handitzea, haren espezializazioa, kalitatea eta tokiko ekonomiari egiten dion ekarpena nabarmenduz.
- Sektorearen ordezkaritza sendotzea, administrazio publikoekiko solaskidetza indartuz.
- Profesionalen arteko lankidetza sustatzea, esperientziak eta ezagutzak partekatzeko aukerak sortuz.
- Merkataritzaren, kulturaren eta turismoaren arteko loturak bultzatzea, saltokientzako aukera berriak aztertuz.
- Belaunaldi-erreleboa erraztea, merkataritzako lanbidea belaunaldi berriei hurbilduz eta ikaskuntza sustatuz.
«Bizkaia Textil y Moda elkarte bizia izatea nahi dut; merkatariok entzuten gaituztela sentitzea, esperientziak partekatzea eta gure sektorea indartzeko elkarrekin lan egitea ahalbidetuko digun elkartea. Ekarpen handia egin diezaiekegu gure hiriei, eta gai izan behar dugu balio hori gizarteari helarazteko», adierazi du Veronika Drazdovak.
Leire Doueilek elkarteko presidenteorde izaten jarraituko du
Etapa berri honetan, Leire Doueilek Bizkaia Textil y Moda elkarteko presidenteorde izaten jarraituko du, azken urteetan egindako lanari jarraipena emanez.
Veronika Drazdovak eta Leire Doueilek elkarrekin lan egingo dute ekimen berriak sustatzeko, saltokien parte-hartzea handitzeko eta Bizkaiko ehungintza eta moda merkataritzaren interesak defendatzen eta ordezkatzen jarraitzeko.
Presidentetza berri honekin, Bizkaia Textil y Modak merkataritza askotariko, espezializatu eta gure udalerrien nortasunarekin estu lotutako baten aldeko konpromisoa berresten du, elkartegintza sektorearen etorkizuneko erronkei aurre egiteko funtsezko tresna gisa indartuz.







