Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, aurkeztu du gaur Bilboko Euskalduna Jauregian “Bizkaiko Merkataritza. Oso Pro. Proaktiboak. Profesionalak. Eta oso hurbilak” izeneko kanpaina berria. Kanpaina honek legealdi osoan zehar iraungo du, eta helburu nagusia du merkataritza txikiaren irudia berritzea, haren eraldaketa bultzatzea eta merkatarien lanbidearekiko harrotasuna sustatzea.
Etxanobek nabarmendu du kanpainaren bidez Bizkaiko 11.000 saltokiren eta 46.000 profesionalen lana balioan jarri nahi dela. “Mostradore bakoitzaren atzean pertsona proaktiboak, profesionalak eta oso hurbilak daude. Haien egokitzeko gaitasuna eta ekonomian duten garrantzia azpimarratu nahi ditugu”, adierazi du.
Kanpaina hau une egokian dator, merkataritza txikiak erronka handiei aurre egin behar dielako: digitalizazioa, belaunaldi-erreleboa, jasangarritasuna eta eragile handien lehia. Horri aurre egiteko, Bizkaiko Foru Aldundiak bilbaoDendak, Bizkaidendak eta Cecobi elkarteekin elkarlanean hainbat ekintza sustatzen ditu sektorearen lehiakortasuna indartzeko.
Horien artean daude digitalizazioa sustatzeko prestakuntza-programak eta aholkularitzak, berrikuntza eta profesionalizazioa bultzatzeko jardunaldiak, eta genero-berdintasuna lantzeko ekintzak, kontuan hartuta sektoreko langileen %68 emakumeak direla. Era berean, kontsumo arduratsuagoaren alde merkataritza hurbilaren garrantziaz herritarrak sentsibilizatu nahi dira.
Kanpaina luzerako, kanal anitzetan
Sustapen Ekonomikoko diputatu Ainara Basurkok azaldu duenez, “Oso Pro” kanpainak hainbat fase izango ditu legealdian zehar eta kanal ugaritan izango du presentzia: sare sozialetan, markesinetan, kanpo-pantailetan, geltokietan, zinema-aretoetan, tranbietan, baita komunikabide digital eta tradizionaletan zein streaming plataformetan ere. “Kanpainaren kolore bizi eta gaurkuek Bizkaiko merkataritzaren aniztasuna eta dinamismoa islatzen dute”, adierazi du.
Sektorearen eraldaketa ikusarazteko, kanpainak Bizkaiko hainbat eskualdetako 12 saltoki protagonista ditu, aniztasun sektoriala, lurraldekoa eta generokoa erakusten dutenak, eta berrikuntzarekiko konpromisoa dutenak.
Bide berriak irekitzen dituzten merkatariak
Ekitaldian, hiru merkatari protagonistak beren esperientzia partekatu dute: Unai García (Arratek Informatika, Igorre), Idoia Ateka (Gakoak Interiorismo, Gernika) eta Fernando Cabo (R-evoluciona Larruzko Tailerra, Bilbo). Azpimarratu dute nola espezializazioa, pertsonalizazioa eta jasangarritasunaren aldeko apustuak funtsezkoak izan diren gero eta lehiakorragoa den merkatuan bereizteko.
“Aldundiak merkataritza lokal berritzaile, lehiakor eta erakargarriaren aldeko apustua egiten jarraituko du. Kanpaina honek Bizkaiko merkatarien eguneroko ahalegina balioan jartzen du; haien profesionaltasunak, proaktibotasunak eta hurbiltasunak lurraldearen kohesioan eta garapen ekonomikoan laguntzen baitute”, amaitu du Etxanobek.