
Bizkaiko Merkataritza Enpresa Konfederazioak, CECOBIk, ekainaren 15ean ospatu zuen Bilboko Ensanche Eraikinean CB113 Emenderen III. edizioa, ekintzailetza, belaunaldi-erreleboa eta tokiko merkataritza eta negozioek lurraldearen garapen ekonomikoan duten balioa ikusarazteko topaketa.
Jardunaldia CECOBIk antolatu zuen, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin, eta FuckUp metodologiaren arabera garatu zen. Dinamika horrek ekintzailetzaren inguruko benetako esperientziak ikuspegi zintzo, hurbil eta eraikitzaile batetik partekatzera gonbidatzen du. Helburua izan zen ekintzailetza-bidean sortzen diren ikaskuntzak balioan jartzea eta egokitzeko gaitasuna proiektu berriak aurrera eramateko eta sendotzeko funtsezkoa dela erakustea.
Topaketari hasiera eman zioten María López Negrete CECOBIko presidenteak eta Izaskun Gómez Eusko Jaurlaritzako Merkataritzako zuzendariak. Biek nabarmendu zuten pertsona ekintzaileei laguntzearen garrantzia, baita merkataritzaren eta enpresaren egungo erronkei aurre egiteko esperientziak, tresnak eta baliabide erabilgarriak partekatzeko guneak sortzearena ere.
Jardunaldian zehar, hainbat ekintzailek beren esperientziak partekatu zituzten elkarrizketa-formatuan, bidean aurkitutako oztopoak, hartu behar izan zituzten erabaki zailak, estrategia-aldaketak eta egokitzeko gaitasuna proiektuak sendotzeko giltzarri gisa azpimarratuz.
Lehen elkarrizketan Oscar Arango Micropigmentación Capilar enpresako Oscar Arangok eta Marta Fernández CECOBIko idazkari nagusiak parte hartu zuten. Ondoren, Barbería La Bilbaínako Jessica Martínek eta Ekintzailetzari Arreta Emateko Guneko Luisma Torresek solasaldiari jarraipena eman zioten.
Elikadura-arloko berrikuntza eta finantzaketa izan ziren hirugarren blokearen ardatzak. Bertan parte hartu zuten Kitu Foodseko Ernesto Garcíak, Izaskun Gómezek eta Rural Kutxako Víctor Iriartek. Bestalde, Estanco Rondako Arritxu Linazisorok eta Bilbao Ekintzako Ekintzailetza Unitateko arduradun Begoña Velascok negozio tradizionalek kontsumo-ohitura berrien aurrean duten erresilientzia aztertu zuten.
Bloke bakoitzak egitura arin eta parte-hartzailea izan zuen: zazpi minutu merkataritzaren testigantzarako, hiru minutu erakundeek eskaintzen dituzten tresnak aurkezteko eta beste hiru minutu publikoaren galderei erantzuteko. Metodologia horri esker, bertaratutakoei benetako esperientziak eta irtenbide praktikoak hurbildu zitzaizkien.
Topaketan landutako erronka nagusien artean nabarmendu ziren digitalizazioa, talentua erakartzea eta atxikitzea, kontsumo-ohitura berrietara egokitzea eta enpresen arteko lankidetza indartzeko beharra. Faktore horiek guztiak funtsezkoak dira Bizkaiko enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzeko, bereziki ETEen, merkataritzaren eta hurbileko negozioen kasuan.
Jardunaldian lurraldeko erakunde ekonomiko, instituzional eta enpresarialetako ordezkari ugari izan ziren, besteak beste, Alberto Ruiz, CECOBIko presidenteordea; Aitor Hernández, Idazkaritza Nagusiaren ondokoa; Gloria Múgica, DEMAko zuzendari gerentea, Isabel Muelarekin batera; Antonio Seco, Bilboko Merkataritza Ganberako Merkataritza eta Ekintzailetza zuzendaria; Irkus Sainz de Murieta, AJEBASK Bizkaiako presidentea; eta Julia Diéguez, Deusto Bizirik elkarteko presidentea.
CB113 Emenderen edizio berri honekin, CECOBIk berretsi egin du Bizkaiko merkataritzarekin, ETEekin eta pertsona ekintzaileekin duen konpromisoa, hiri-ekonomia eta tokiko enpresa-sarea indartzen laguntzen duten topaketa, ikaskuntza eta lankidetza guneak sustatuz.
